1. ◘ Forma eta espazioa
Diseinu normalak angelu zuzena osatzen duten lau ertzez
mugatutako eremu batekin hasten dira: erreferentzia markoa. Erreferentzia
markoaren barruan, horma bat edo hainbat sar daitezke figuren kanpoa
osatuz: formak figurak dira (espazio positiboa/okupatua); formen atzeko eta
arteko espazioa eremua/ hondoa (espazio negatiboa/hutsa) – espazio
negatiboa forma positiboez inguratua dagoenean, figura negatiboa bihurtzen
da -; eta guztiak osatzen du konposizioa.
Erreferentzia markoak eskala eskaintzen du (formen tamainaren
ideia bat) eta elementuen posizio, norabidea eta noranzkoa ezartzen ditu.
Erreferentzia marko ezberdinek konposizio ezberdinak sor ditzakete forma
berarekin figura txikiagotuz/ handiagotuz konposizioan (tamaina bera izan
arren), partzialki konposiziotik at utziz (erreferentzi markoak mozten duela) …
Figura bat forma laua da lodierarik azaltzen ez duenean,
sakontasunik iradokitzen ez duenean. Figura batek, besteari gainjartzen
zaionean, nolabaiteko sakontasuna sortzen du; figura berak, okertuta,
ondulatuta agertzean, sakontasun gehiago sortzen du. Figura batek, tamaina
ezberdinetan/ sekuentziatan/ txikituz agertzen denean, konposizio batean
sakontasun infinitua iradokitzen du.
Lodiera/ bolumena ematen zaion figurak erreferentzia markoko 2
dimentsiotako espazio laua sakontasuna duen espazioan bilakatzen du; forma
lau eta bolumenezkoek, azalera lau eta sakonek, ilusio optiko ezberdinak
sortzen dituzte, 2 dimentsiotako diseinuan kontutan hartu beharrekoak.